Argitalpenak
Zuhaitzak ez du beldurrik
biografia
Xabi San Sebastián (Donostia, 1967) ez da berria musika munduan. Kantautore eta musikariak bere ibilbidea esperientzia eszenikoz eta kolaborazio ugariz eta aberatsez osatua du. Grabazio franko egina du, hamar bat diskotan agertu da kantari gisa, eta hainbat filmen musiken konposatzaile izan da.
Musika ikasketak Madrilen bukatu eta gero, Izotz taldean sartu zen eta geroztik Euskal Herriko tauletan gaindi ibili da. Lehen diskoa grabatu zuen 1995. urtean. Ondoren, musika tradizionalean murgildu nahian, Alboka taldean sartu zen eta Joxan Goikoetxea eta Alan Griffin-ekin elkarlanean aritu zen lau diskoetan baita kontzertu ugarietan munduan zehar ibili, besteak beste WOMAD edo Celtic Connection bezalako jaialdietan…
Kolaborazioetan aipagarrienak, Kepa Junkera Maren diskoan (2001), Marta Sebastyen, Eliseo Parra, Alasdair Fraser… dira.
Xabiren bakarkako ibilbidea 2004an hasi zen « Orai » diskoa kaleratzearekin (No-CD Records), euskal musika tradizionalaren ikuspegi berri eta moderno bat azaltzen duena. Ondoren, Elkar diskoetxeak 2008an « Ospela » izeneko bigarren lana argitaratu zuen, esentzia progresibo eta testu guztiz poetikoak dituena. 2012an Elkarrek “Erraiak” kaleratu zuen, soinu gordin eta riff elektrikoekin egindako rock diskoa.
Musikari kameleoi honek “Zuhaitzak ez du beldurrik” bere laugarren diskoa 2017an aurkeztu du, aurreko hiru diskoetan agertzen diren eraginak abilki bilduz eta musika esperimentaziozko momentu batzuk gehituz, bere ahotsaren birtuosotasuna agerian emanez.