Xabaltx - Norabide xuriak

Aurkezpena

Zortzi kantu daude gitarra akustikoz nahiz elektrikoz, teklatuz eta bateriaz lagundurik. Eskarmentu handiko musikari batzuez inguratu da oraingoan Xabaltx, ingurune emozional eta soinudun berri hau gauzatzeko: Jokin Irungaray bateria, perkusio eta ahotsarekin, Xabi Leon piano eta ahotsarekin, eta Patrice Têtevuide gitarra elektriko eta akustikoarekin. 

Zortzi hausnarketa poetiko naturarekin bat egiteko, zuhaitzaren enbor-adarrek eta sustraiek erakutsi dute iparra eta hegoa, mendebalde eta ekialdea non diren. Xabaltx erdian dago, naturaren bihotzean, Baztan bailaran, Bertiz parke naturalaren ertzean, eta ezinbertzean Intimitatea hirugarren abestia osatu du naturaren eta gizakion arteko lotura hauskor hori aditzera emateko.

Zortzi kantu sentikor hauek argi-ilunak dituzte eta, garai ilunak bizi ditugun honetan, Eguzkia garela abesten digu Xabaltxek lehen kantuan: Iguzkia gira. Landu dituen gaiak guztiz betikoak dira, baina aldi berean hain garaikideak!

Bigarren kantuan (Bekatua baserrian) zalantza existentzialak modu metaforiko eta dibertigarrian tratatzen dira. Ikusi zintudanean laugarren kantuan exodoaz mintzo da, eta bosgarren kantuan, gauez eta egunez Amets egitera gonbidatzen gaitu.

Seigarren kantuak eman dio izena disko honi: Norabide xuriak, gero eta unibertso desmaterializatuago batean erabakiak hartzeko ditugun zailtasunak agertzen dira. 

Ele ixilak zazpigarren kantuan komunikatzeko zailtasunak ditu hizpide, eta zortzigarren abestian Leihoak ireki dizkigu Xabaltxek, eta belaunaldien arteko gaizki-ulertuak azaleratzen, leihotik begira egoten ziren amatxi eta ama gogoan, hegan egiten lagundu ditu libre. 

Zortzi kantu, zortzi euskal lurralde irudikatuz, oroitarazten dit Euskal Herri hau zazpi lurraldez eta euskal diasporaz osatzen dela, poetikoki euskarak eta euskal kulturak elkartuak.  

Lan berri honen single-ean, Odei Barrosok hartu du indarrez eta sinpletasunez betetako klipa sortzeko ardura, eta disko honen idazketa eta konposizioa lau urtean egin da. Hausnarketa da obra honen muina, eta Xabaltxek Pascal Garmendia ekoizlearekin lan egitea aukeratu du, harekin jadanik bi disko ekoitzi baitzituen. Aurreko bi kolaborazio horietan, hitzen eta musikaren arteko osmosi bikaina lortu zuen Pascal Garmendiak, denbora berean giro “airedun” eta “lasaia” lortzeko.

Diskoa abenduan aurkeztuko da Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 59. edizioan.

Ondoren, Les Écuries de Barojak ongi etorria emanen die urtarrilaren 20tik 23ra bitartean Xabaltx eta musikari hauei guztiei, lau eguneko egonaldi baten testuinguruan, aurkezpen kontzertu batez girotua azken arratsaldean.

Ainara Maia Urroz
2024ko azaroa

Bidoa

Musika

Bere denda:

Bere webgunea