Philippe Albor - Amaia Carrère - Arantxa Hirigoyen
Présentation
Belarri diskoetxeak, Arantxa Hirigoyen, Philippe Albor eta Amaia Carrereen Ttinka izeneko proiektu berria plazer handiz aurkezten dizu!
Haur gazteei (0-7 urte) eskainitako kantu, musika eta ilustrazioz osaturiko diska-liburuxka da Ttinka proiektua.
Hogeita lau kantu eta josteta kantuek osatzen dute lana. Gehienak sorkuntzak izanik ere, Haurrock taldeari esker gaur egun ezagun egin diren hainbat kantu atzeman daitezke.
Aspalditik elgar ezagutzen duten Philippe Albor eta Arantxa Hirigoyenek sortu eta idatzitako musika eta testuak dira, Amaia Carrère artista gazte eta talentutsuak eginiko marrazkiak lagun.
Philippek ditu kantu gehienen oinarriak grabatu (gitarrak eta perkusioak), eta kantu horiek beztitzeko, sortzaileek, ipar eta hego Euskal Herriko kantari eta musikari famatuen laguntzarekin kontatu ahal dute. Hain zuzen ere, Gura Show taldeko Amaia Riouspeyrous, Maider Cigarroa, Maguy Mirande eta haien haurrek, haien ahots eztiak pausatu dute kantu batzuetan, Joseba Tapiak trikitixa trukatu du eskusoinu batentzat gertaldi honentzat, Mixel Ducauk bere gitarra edota saxofoi sopranoaren soinu hamaika aldiz ezaugarriak ekarri ditu kantu ainitzetan, Baionako Old School Funky Family taldeko Pierre Latutek bere helikono bikaina, eta aste hauetan prentsan aipatzen den Francesca Di Nicolak, bere harparen soinu fina.
Leku eder bat egin da haurrei Philippe eta Arantxa-ren proiektu honetan ere, bi protagonisten ahotsen ondoan, hamar bat haurren ahotsak agertzen dira diskoan, besteak beste Haize Alborena bi kantu hunkigarrietan.
Philippe Albor
Ikusten ahal da bakarrik eszena baten gainean, bere errepikak kantatzen duten 400 haurren aitzinean, edo Euskal-Herriko folk abeslariak laguntzen. Bai eskoletan musika hizlari gisa, bai Haurrock taldeko abesbatza zuzendari gisa. Estudio batean, gazteekin sormen tailer bat gidatzen, haurtzaindegian ikuskizun berri bat jotzen, edo saxofoia eskuan karrikako musika talde batekin…
Lehen bizi bat Parisen egin ondoren, Joseph Lafitterekin lanean hasiz, herrira itzuli zen eta bere denbora banatu zuen eskoletan egiten dituen iratzartze-musikala tailerrak, eta eszena-tokian hainbat artistekin. Besteak beste Maialen Errotabehere, Amaia Riouspeyrous, Céline Mounole, Hiru Soinu…
Haurrekin egiten duen lanetik, proiektu eta kolaborazio artistiko emankorrak sortu dira, Josiane Aguerre-Valenciarekin, Biribil, Barnetik, Jo Kako jo eta Zoazi liburu-diskoak ekoiztuz, eta bakarrik edo Patrick Fischer delitukidearekin Musikolore, Yes eta AJT disko eta ikuskizunentzat. 1999an Haurrock proiektua sortu zuen, haurrentzat kantatzen duen haur taldea, Arantxa Hirigoyenekin batera idatzitako euskarazko sorkuntzak. Berarekin bost disko idatziko ditu: Bertsoa dantzan, Goazen, Balinba, Iep eta Alegiak, La Fontaineko fabulak … eta heldu dena 2023rako iragarria da!
Hainbeste haur kantu elkarrekin idatzi ondoren, logikoa zen ikuskizun bat elkar sortzea. Orduan 2019an Arantxa eta Philippek TruKaTruk ematen hasi zuten eskoletan, haurtzaindegietan eta mediateketan… Antzerkia, kantuak, mimoa, poesia… Ttinka proiektuari ekin aurretik!
Unibertso ezberdinetako hogeita hamar disko baino gehiagotan kolaboratu ondoren, proiektu pertsonal bat grabatu zuen Les petits pas sages izenekoa.
Arantxa Hirigoyen
Irakasle gisa lanean ari zelarik, hezkuntza arloa eta antzerkigintza bereganatu eta uztartu zituen hainbat urtez. Irakaskuntza utzirik 2019az geroztik Axut! kolektiboko kide da. Hezkuntza artistikoa du eremu nagusia, ikastetxeetan tailerrak proposatuz, kudeatuz eta proiektuak gauzatuz, antzerkia eta hezkuntza bi mundu berezi horiek elgarri lotuz, gazteekin eta euskaraz.
Philippe Albor aspaldiko bide-laguna du. 2001ean Haurrock, haur kantari taldearen lehen diskoa argitaratu zuten. Haurrendako, haurrek egina eta euskaraz egitea zuten helburu. Gaur egun oraino, bost disko atera ondotik, Haurrock taldeak aitzina segitzen du, Senpere eta Larresoron. Urtez urte Philippek eraman eta eramaten du taldea, kantua eta musikaren gostua partekatuz eta hedatuz haurrekin.
Trukatruk izeneko ikusgarriarekin ibili dira azken urteetan hainbat eskola eta haurtzaindegietan. Ttipiendako sorturiko ikusgarri bat : musika, poesia, mimoa, kantua, objektu antzerkia, emozioak.
Bide beretik sortu zuten Ttinka liburu-diskoa proiektua. Ttipiei zuzendua, kantu, musika eta marrazkiz osatua, Amaia Carrere artista gaztearen partaidetzarekin.
Euskara lantzeko, euskara gozatzeko eta maitatzeko !
Amaia Carrère
Artista familia batean sortua, Amaiak, artea, antzerki eta musika ikasi zituen haurtasunetik.
Baionako arte eskolan ibili ondoren, bere maila L’enfance de l’art elkartean hobetu zuen Jean-Yves Roques eta Daniela Maitiarekin. Haiek eragin handi bat izan dute Amaiaren ibilbidean. Aholkatu zioten marrazkia kontuan hartzea lanbide gisa, eta ondorioz Amaiak komiki ikasketak hasi zituen Saint-Luc eskolan Bruselasen.
Bestalde aita musikaria eta ama antzerkilaria izanik, musika eta antzerkia ikasi zituen Peio Anido eta Sophie Banconekin besteak beste.
Lehenago aipatu bezala, Amaiak Arantxa eta Philippe ezagutzen ditu aspalditik: Arantxa irakasle gisa eta lizeoko antzerki tailerretik, eta Philippe Ahotsalai koralatik.
Gaur egun Amaia marrazkigintzari dedikatzen da, eta Ttinka bere lehenenetako lan bat izanik bere zerrendan, segur da azken hori azkar beteko dela heldu diren urteetan !