Miretsiz

Aurkezpena

Bidai izeneko aurreko diskoa, 2022an atera nuena, solorik gabeko disko instrumentala zen. Inprobisazioan saiatzeko sentitzen nuen jakin-minak eraman ninduen Musikeneko Jazz Masterrera, zeinaren amaiera gisara errezitaldi bat eman bainuen 2024an, Victoria Eugenia Club aretoan, Ander Zulaika bateria-jotzailea eta Javier López Jaso akordeoilaria ondoan izanik.

Errezitaldi hartako konposizioak intuizioz sortu ziren, baldintzatzaile eta etiketarik gabe, baina inprobisaziori lekua utziz. Masterraren eta errezitaldiaren emaitzarekin pozik gelditu bainintzen, zuzenekoa prestatzen hasi nintzen Ander eta Javierrekin adosturik.

Horretan ari nintzela, musikari hitzak ere josteko aukera ikusi nuen. Pentsatu eta egin. Ahotsa txertatzeko konposizioak berregokitu eta gero, zortzi abesti sortu ziren. Ruper Ordorikak noizbait ere errana zidan “Mikel, ahotsik gabe ez dira kantak, pieza hutsak dira”; bada, gisa horretan, piezak kanta bihurtu ziren.

Orduan pentsatu nuen merezi zuela benetan kantatzen zekien norbait taldera ekartzea, eta Leire Berasaluzerengana jo nuen. Hainbertze urtez eszenatokiko lagun izan dudan Xabier Leturiaren alaba Leire prest agertu zen berehala kantak bere ahotsarekin interpretatzeko, eta bete-betean sartu zen Pop-jazz kanten proiektuan!

Hitzak sortzeko, Mikel Taberna idazlearekin jarri naiz harremanetan. Hari aipatu diot masterraren amaiera laneko ideia, musika transpertsonalaz Chema Vilchezek dioena oinarritzat hartzen duena: artistaren atzean dagoen pertsonaren garrantzia; pentsamendu egoikoen oihalaren gibelean gordetzen den gure izatearen muinarekin konektatzeko beharra.

Norberaren baitarekin bat egiteak, pentsamenduak alde batera utzita, erraztu egiten du intuizioa eta sormena sortzea!

Mikel Artieda.

 

Musikariak

Ahotsa: Leire Berasaluze

Baxua: Mikel Artieda

Eskusoinua: Javier López Jaso

Bateria: Ander Zulaika

Soinu hartzailea: Gorka Urra

Zuzenean grabatua 2024ko azaroaren 17an Lezoti estudioan

Bidoa

Musika

Bere denda:

Bere webgunea