Bidai
Aurkezpena
Belarri-k, Mikel Artiedaren Bidai izeneko proiektu eta disko berria plazer handiz aurkezten dizu!
Mikel-en iritziz:
“Erromeriak hamaika plazatan, Tapia eta Leturia Band, 50 disko baino gehiago Euskadin eta ez dakit zenbat bira Erentxun eta Duncan Dhurekin…; azkenean, horren guziaren ondotik, bizitzak Jerezera ekarri nau, eta hemen daramatzadan bi urteetan buleriaren konpasa izan dut lagun siesta tenorean. Herri honek duen dohain hori konprenitu nahi bainuen, hainbertze saiatzen nintzen unean bertan zentratzen konpasaren muina ulertzeko, non lo gelditzen nintzen esku- jotze eta zalaparta haren erdian.
Lan honen aitzinetik, badut bertze bat ere bakarka atera nuena 2000. urtean. Hari “M. Artieda” paratu nion izenburua. AbDbGbCb tesituran, baxu elektrikoaren recording-ekin grabaturiko ideiak ziren, bihotzetik berez sortzen joan zirenak.
Bidai ere gisa berean sortu da, euskal musikarien artean ditudan “betiko” lagun batzuek libreki gehitu dutenarekin; alde horretatik, hau opari bat da niretzat hainbertze urtetako esperientziaren ondotik. Nire lagun musikarientzat, “M.” baino gehiago Mikel naiz”.
“Halako batean, sarean Imanol Artola Egilegorren artelan bat ikusi nuen, zazpi soka zituena, eta pentsatu nuen horrek lagunduko zidala musikan pultsua hartzen eta konposatzen berriz, eta halaxe izan da. Mirari horrek BIDAI du izena.
1000 km egin ondotik eta inork batere ukitu gabe, gitarraren afinazioa 432 dela ikusi dugu, sokak pisu handiagoarekin dardaratzen direlarik. Kasualitatea izan da, afinazio unibertsalik bilatu gabe; frankotan gauzak uste baino sinpleagoak izaten dira.
Bidaiko ideia aunitz guttika eta tarteka sortu dira, bizitza bizitzearekin batera, eskolako edo katekesiko atean, edo lerro hauek idazten ari naizenean bezala Elias dantza urbanoko bere saioan dagoen bitartean… Baina ideia horiek euren bidea egiten ahal dute baldin eta baloratzen badituzu, haietan sinesten baduzu, onartzen badituzu eta zeure burua onartzen baduzu. Niretzat izen handia den Iñaki Salvadorrek erraten duen bezala, ez dago bizirik gabeko musikarik; eta nire bertze erreferentzia handi batek, hainbertze estimatzen dudan eta maisu klaseak eman zizkidan Chema Vilchezek dioen bezala, gorri bazaude gorri joko duzu, berde bazaude berde joko duzu”.