eHe (errare Humanum est)
Biografia
Pantxix Bidart (Hazparne 1971) kantari musikaria da.
Rokarekin abiatu zuen bere bidea 80 hamarkada ondarrean (Mister Saguak, Txingoma II, Buzz de Culasse,…). Bretainian hasi zuen bere kantari bakarlari bidea, Ar Vro Bagan antzerki konpainiaren lehen partean.
Euskal Herrirat itzultzerakoan, Elaudi taldea sortu zuen, euskal kantuak eta sorkuntzak eragin desberdinetatik landuak. Elaudik hiru disko eta hainbat proiektu eraman ditu bere hamar urteko biziraupenean. 2003an, Koldo Ameztoi ipuin kontalariarekin ibiltzen hasi zen, hiru ikusgarri sortu dituztelarik elkarrekin. Itxaro Bordaren lehen poesia errezitaleko musikaria ere izan da. Lagunarte konpainiako kide ere izan da zonbeit urtez. Honen baitan zuen sortu Borroka bikotea Kako Cavalié aspaldiko lagunarekin. Bikote horrek hainbat topaketa inprobisatuetan parte hartuko zuen (Eugène Chadbourne, Mazen Kerbaj tronpetistaren “A trio”, …). Kontzertu bakar batzu egin ditu ere ondotik François Rossé pianistarekin (Bagnères, Bordele eta Donostian) eta bikote bat muntatu M.Gadou gitarristarekin, Bordalen kokatua den Einstein on the Beach elkartearen bitartekaritzari esker. Elebi bikotea ere sortu zuen Thierry Carrère aspaldiko lagunarekin. Balea proiektuan ere parte hartu du Joss Roy idazlea eta Alexis Thérain gitarristarekin, eta gitarrista horrekin bestalde, bi diska plazaratu ditu.
Gaur egun, M. Gadourekilako Bibi proiektua beti bidean du. BBAX polifonia taldeko kidea ere da Marie Hirigoyen Bidart, Mirentxu Agerre eta Paxkal Indorekin. Talde honek « t’mAmAztAng’’t » bere hirugarren diska aurkeztu berri du eta honen aurkezpen kontzertuetan ari da taldea. Pantxix Lauso taldeko kidea ere, Marie Hirigoyen Bidart, Laura Bide eta Eric Lecordierrekin batera.
Proiektu horietatik kanpo, artista oparo honek bere bakarkako lehen diskoa aurkezten digu « eHe – errare Humanum est » izenburukoa, errealismoa eta ametsa elkartzen dituen diskoa, azken hogoi urte hauetan Pantxixek sortu hamar bat kantaz hornitua. Gitarra sinple eta hipnotikoak erabiltzen ditu ahotsari eta hitzari askatasun osoa ekarri nahian. Euskal Herriko kantagintza, hirurogeita hamar hamarkadako Roka eta Afrikako blues-a ditu Pantxixek iturri nagusi.
Euskal poetak ditu ohoretan ezarri nahi (Itxaro Borda, Xabier Lete, Agustin Zamora, Leire Bibao, Kirmen Uribe, Amaia Hennebutte, Jon Mirande,…) malenkoniaz betetako kantu sinple bezain indartsuetan. Horretarako 3 musikari lagun deitu ditu : Matthieu « Matiau » Haramboure (errealizazioa, moldaketak eta baxuak), Sébastien Degrans (akordeoia) eta Bastien Marianne (gitarrak).
“Euskal label diskografikoaren aldeko laguntza”